XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EZKONTZAN ORO PARTZUERGOAN!

Legea pasatua da: zazpi ilabeteren buruan hartarik ari beharko da: ezkontzako partzuergoan badira Frantzian aldakuntza batzu, handik aintzina.

Izana zen 1965-ko uztailaren 13-ko legea: jada harek kendu zion senarrari emaztearen ontasunen erabiltzeko ahala baina utzi zion halere baimena, bienak zituzten ontasunen berak erabiltzeko, emaztearen sinadura baitezpada ez galdatua delibero haundienetan baizik.

Orain aldiz pasatu berri den legeak partzuergo edo berdintasun osoan ezartzen ditu senar-emazteak familiaren ontasunen erabiltzean bai-eta haurrenak diren ontasunen erabiltzean ere.

Izenaz ere aldakuntza bat badu lege berriak: 1986-ko uztailaren lehenetik harat, haurrek ekartzen ahalko dituzte beren aitaren eta amaren deiturak bat bestearen ondotik, administrazioneko paperetan; haatik état civil delakoan aitaren deitura bakarrarekin deklaratu beharko dira.

Haurren ontasunak eta familiakoak nola erabil

Orain arte, legea hau zen: aita zen bere haur adinerat heltzekoen ontasunen erabiltzailea, eta ama haren laguntzaile bakarrik.

Hemendik goiti aita ala ama lerro berean dira eta heien ahal eta zuzenak, berdinak.

Erran nahi baita haurraren izeneko kondu edo libretean diru sar-jalgitzeak egin detzazkeela berdin aitak edo amak.

Halaber oraidanik haste ez ditu aitak erabiliko familiako konduak oro, baizik bi burasoek, hots batek edo besteak.

Etxeko gauza aldakorren sal-erospenak, hauk baitira jojeria, auto, muble edo obligazioneak, egin detzazkete senarrak edo emazteak eta hori aski da.

Baina bi esposek akortean eta elgarrekin behar dute balio haundiko aldaketen egiteko: - hala-nola etxeko ontasun emaitzak, baldin-eta etxeko haurreri beren kargutan jartzerakoan eginak badira ere.

- edo balio haundiko urratsen egiterakoan berdin: lur edo etxe saltze bat, komertzio bat beste baten esku uztea, edo arrandatzea, lur edo ofizio bat eskuz kanbiatzea edo alokatzea.

Heldu da lur baten saltzeko, guti bada ere, gizon ala emaztearen bien sinadurak behar direla, bizkitartean batena aski delarik diru obligazione edo akzione portefulla batentzat, hau gotorra izanik ere.

Bien sinadura beharko zen afera bat bat-bakarrak duenean xoilki sinatua, besteak badu bi urte berearen emaiteko, gero afera edo paper hura balio gabea litake.

Bi esposek beren irabazi eta sartzeak zoin beren alde balia ditzazkete baina lehenik menaiuko gastuak segurtatzekotan, handik goiti bakotxak beretzat baitu gaineratekoaren gozamena.

Baina gero kasu: ekonomiak kondu edo libreta batean altxatu diren pondutik hauk bienak bilakatzen dira.

Baldin-eta baten izenean idekia bada ere libreta, kondu hura biena bilakatzen da eta batek ala besteak tira dezakete hartarik.

Aldiz ofizio bat balinbadute batek edo besteak, ofizio hartako gora beherak bere gain ditu, ofizio mailean eta mail hortan ez du besteak ikustekorik, hori ofizio kontua baita.